Zumarragako txosnak 2018

Konturatu orduko, gainean ditugu Zumarragako jaiak. Prestakuntza guztiak amaituta, 20:00etan emango die hasiera aurtengo jaiei Txosna Batzordeak, eta egitarau zabala prestatu du datozen egunetarako.

Iazko moduan, Egun Morearekin hasiko dira festak: Zurigain batukadaren laguntzarekin, herriari buelta emango dio manifak eraso matxistak salatu eta txosnagunea gune askea dela aldarrikatzeko. Bukatzean, txosnetan, ekitaldi feministarekin emango da aurtengo pregoia. Eta gauean, nola ez, dantza giroa eta kontzertuak: Viruta kantautore AnarkoTransFeminista martzianoa, Errekaleor auzo askeko Moon ta Spunknik taldea eta Flaca DJa; gaztea izanik ere, dagoeneko lortu du bere tokia irabaztea reggaeton feminista eta aldarrikatzailea pintxatzen. Hasteko, nahikoa!

Larunbatean, Gazte Eguna antolatu du herriko gazte talde batek. Festak jan-edanera mugatu ez daitezen, ginkana batekin hasiko dute eguna. Herrian zehar banatutako hainbat gunetan proba zoro batzuk osatu beharko dituzte lehiakideek. Baina lasai egon, irabazi edo galdu, guztiok izango baitugu bazkari eder bat saritan (baita ginkanan parte hartuko ez duten koldarrek ere). Menu orojalea eta beganoa egongo dira gainera. Dagoeneko saldu dira txartel guztiak!

Bazkalostean hasita, gorputza mugitzeari ekingo diogu arratsaldean: Ziribulio Sound kolektiboaren reggae eta dancehall doinuekin txosnetan eta Patxarangarekin poteoan tabernetan zehar. Gauean ere, musika eskaintza bikaina: Azalera talde gazteak aurten kaleratu duten lehenengo diskoa aurkeztuko du aurrena. Rukula ondo ezagutzen dugu gurean, eta dagoeneko espezialista da Euskal Herriko txosnagune guztiak dantzan jartzen. Ondoren, DJ Albabarrunarekin, girorik ez zaigu faltako egunak argitu artean!

Igandean, eta izenak aitortzen duenaren kontra, Bixamona Fest jaialdi entzutetsuaren 10. edizioa antolatu du KKinZona irrati libreak. Mara bakarlariarekin hasi, Kaskezur talde puskarekin jarraitu, Guarimbaren cumbia gozoaren erritmoan sartu eta TurtukiƱa DJekin errematatu. To! Artean, urtero legez, afaltzeko eskaintza zabala egongo da, giro paregabean.

Festak amaitzeko, aurten azken egunean egokitu den Santaixabel jaia. Txosnagunean, girorik ez da faltako: 23:00etan hasita, Alaiki erromeriak dantzan jarriko ditu Antiotik behera etorritako guztiak!

Festez gozatu, bertako edariak kontsumitu eta segi gune askeetan alternatibak eraikitzen!

00:00
00:00
Empty Playlist