KKinzonaren denboraldi berriaren aurkezpena, urriak 27, 18:00etan Potrosen

Kkinzona Irratiak denboraldi berria hasi du. Bertan ekoiztutako 10 irratsaio propio eskainiko ditu aurten Urretxuko eta Zumarragako irrati libreak eta urteroko moduan, Arrosa Saretik hartutako irratsaioekin osatuko du programazioa. Hauek guztiekin, aste osoko programazioa osatu dugu, egunean 24 orduz emitituz.

Hau guztiari behar bezalako hasiera bat eman asmoz, datorren ostiralean, urriaren 27an, Denboraldiaren aurkezpena eta irratsaio berezia burutuko ditu Kkinzonak Potros enparantzatik zuzenean, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, programazioa aurkezteaz eta banatzeaz gain, zuzeneko musika entzuteko eta mokadutxo bat jateko aukera ere egongo da. Herritar guztiak gonbidatuta daude denboraldi hasierako saio berezira.

Aurtengo ikasturtean 10 irratsaio ekoiztuko dira KKinzonan, denetariko gaiak landuz:

Bertan Ekoiztutako Irratsaioak

1215. Katea (Bi igandean behin, arratsaldeko 19:30tan)

1215. Katea musikari eskainitako saio bat da. Musikari, bere horretan. Ez dizkiogu mugak jarri nahi doinu ezberdinei, horrexegatik gurean 90. hamarkadako Washingtoneko hardcorea, Bogotako cumbia berritzailea edota 80. hamarkadako elektronika entzun ahal izango dituzu. Noski, nongoak garen ahaztu gabe, Euskal Herriko musika bereziki landuko dugu, nobedadeetatik klasikoetara. Hiru arau inposatu dizkiogu geure buruari:

1) Euskal musika eta, bereziki, euskaraz eginikoa sustatuko dugu

2) Emakumeak partaide dituzten taldeak entzun ahal direla bermatuko dugu

3) Musika estilo ahalik eta anitzenak lantzea dugu helburu

Aurtengoa 4. denboraldia izango da eta berrikuntza gixa, kolaboratzaileak izango ditugu hontaz eta hartaz jarduteko saio bakoitzean.

Antxoen Bertsoa (Asteazkenero arratsaldeko 18:00tan)

KKinZona irratiko bertso zopa kitzikagarria. 3. irrati-urtea dugu jada eta beti bezala han hemengo bertsoak ekarriko dizkizuegu. Bertso eta kopla berri nahiz zaharrak entzuteaz gain, umorea ez da faltako eta elkarrizketak, kronikak, kontu epelak, txapelketen jarraipena, irakurketak, iritziak, kritikak, Habana Ta Punto, Eitzan Aitzen, Bertso Bihotz eta sorpresa askoz gehiago. izango dituzue KKinZonako estudiotik zuzen zuzenean. Bertso gilda gozoa! glu glu glu glu…

Eromerian (Igandero arratsaldeko 17:00tan)

Trikitixari eskeinitako irratsaioa. Garai guztietako trikitixa abestiak igande arratsaldeak girotzeko aproposa.

Gaur Egur (Astelehenero 20:00tan)

Aktualitate politikoari errepaso egiten dion irratsaio antologikoa. Erakargarria eta freskoa. Euskal Herriko eta mundu mailako aktualitatea jorratzen dute. Beti begirada kritikoarekin eta umore dosi haundiekin.

Hitzen lioa hirutan (Bi ostiralez behin, arratsaldeko 15:00tan)

Musika letrak irakurri, aztertu, interpretatu eta ondoren abestiak entzuten ditugu. Beti ere, abestien letrak hain zabalak izanik, guri iradokitzen digutena azaltzen saiatzen gara gure ikuspegi propiotik. Aktualak eta ez hain aktualak diren; taldeak, bakarlariak, idazleak, liburuak, elkarrizketak eta gonbidatuak izaten ditugu irratsaio honetan. Aurtengoa 5. irrati-urtea izango da irratsaioa hasi genuenetik eta beti bezala, zuen iradokizun eta proposamenak jasotzeko irrikaz gaude.

Hontzaren gauerdiko eztula (Igandero, gaueko 0:00tan)

Hontzaren Gauerdiko Eztulan elkarrizketak sakonean, musika ezberdinei tarte bereziak, misterio tarteekin eta baita gogoetari ere. Gaueko saio batek dituen erritmoekin.

KKheroiak (Bi ostiralez behin, arratsaldeko 18:00tan)

Magazin ganberro eta zoroa, herriko albistek aztertu eta komentatzen ditu, aktualitatea. Albiste interzionalak, asteburuko kirol  jarduna, sukalden sartu eta errezeta goxok zein mikatzak prestatzen ikasteko txokoa, goierriko jatetxe bat gomendatu, sareko albisteak sare sozialak, bideo biralak eta youtuberrak… Pelikulen, telesailen edo dokumentalen gomendioak. Eta asteko elkarrizketa sakona bezain xumea.

Sokaren Itzala (Bi asteartez behin, gaueko 21:30tan)

Konspirazioen inguruko irratsaioa duzu honakoa. Teoria konspiranoikoak hainbat gaien inguruan: Giza espeziearen sorrera, estralurtarrak, CIA, Nasa, Hollywood, ISIS, gobernuak, atentatuak, narrastiarrak, espirituak, erlijioak, planetak, ilargia, Ezkioko amabirjiña… guztia gure sasi-adituen eskutik: Tasio Sudupe eta Morgan Illarramendi.

Spuela! (Ostiralero gaueko 22:00tan)

Musika Teknoari eskeinitako irratsaioa. Ostiral gauak girotzeko aproposa. Garai guztietako teknoa, ragga-junglea, drum&bassa…

Planning Prest! (Ostiralero, arratsaldeko 20:00tan)

Planin Prest-en, astebururako datorren agenda azaltzen da ostiralero. Kulturaren parte diren atalekin: jaiak, kontzertuak, agenda, zine estreinuak… Batez ere, Legazpi Urretxu eta Zumarraga egiten diren kultur ekitaldiei garrantzia emanez.

Zuzeneko Konexioak

Gure irratsaioez eta Arrosa Saretik hartutakoez gain, zuzeneko konexioak ere egiten ditugu beste irratiekin egunero. Astelehenetik ostiralera, goizeko 7:30etik 10:00etara Info 7 irratiaren Kalegorrian saioa eskaintzen dugu, eta albistegiak erebai eguerdian, 13:30etik 14:00etara. 10:00etatik 13:00etara, aldiz, Hala Bedi irratiko Suelta la Olla saioa eskaintzen dugu, asteko egun beretan.

Webgune Berria

Ikasturte berriarekin batera, webgune berria ere aurkeztu nahi die KKinzonak erabiltzaileei, http://kkinzona.eus helbidean ikus daitekeena. Berrikuntza nagusi bezala, jadanik KKinzona Irratia zuzenean entzun daiteke webgunean, bai ordenagailuetan eta baita mugikorretan ere. Ez da, ordea, zuzenean, irratsaioak entzuteko modu bakarra, saio guztiak entzungai egongo baitira webgunean, irratsaio bakoitzaren atalean. Hala, asteren batean zure irratsaio gustokoena zuzenean entzuterik ez bazenu, nahi duzunean webgunean entzuteko aukera izango zenuke.

Blogak dira bigarren berrikuntza bat. Kkinzona proiektuak lekutxo bat eskaini nahi die esateko zerbait duten herritar guzti horiei, eta dagoeneko hiru blog dira, martxan daudenak: 40/50Ton, Fiorto Bogansky eta Gaur Egur bloga. (http://kkinzona.eus/blogak/). Herritar guztiek dute zabalik aukera bloga sortzeko, eta hala nahi duenak, KKinzonarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Irratiaren programazioa, albisteak eta bestelako informazioa ere topatu ahal izango dira webean.

00:00
00:00
Empty Playlist