Guk gauarekin amesten genuen

Edertasuna ezin uler daiteke, ederra bada. Edo ez litzateke ulertu beharko. Kafesnea eskuan, bertsolaria alboan, eta gastroweb izeneko egutegia paretan. Gustoko det gure unibertso txikiaren inkoherentzia, gure unibertso txikiaren hazteko presa; iragana oraindik orainaldi denean, etorkizunak betetzen ditu paretak, orainaldi forman. Guztiek izan nahi dute orainaldi, baina orainak segundu batez soilik existitzen du. Denbora gutxiegi da, iragan oso batentzako; gehiegi, ametsak, izar hilen moduan, zerutik erori egingo direnaz ez ohartzeko.

Segundu bat, unibertso oso bat izan daiteke, gure unibertso partikularra, inork kendu ezin dizun sentsazio hori, zuri begira nagoen segundu erdi hori eta ondorengo lotsa gorria. Zaila da guztia emanda omen duzun gizarte batean zure lekua topatzea; gizartearen proiekzio hori begien bistatik kendu, eta eraikinaren zimentuak ikustea; are gehiago, pantailaren atzean irekitzen den bide luze hori ikustea. Argiak itsutu egiten gaitu, eta beldurra ematen digu begiak ixteak, gure existentziari zentzua emango dion arrazoi hori gure paretik igaro, eta galdu egingo dugulakoan.

Eta logurez bizi gara. Eta guk, gauarekin amesten genuen.

Ez dugu lurra eskuekin lantzen ikasi, baina lurra eskuetan hartu dugu, eta landu egin dugu; Ez digute biderik oztopatu, baina ezkutuan zeudenak aurkitu, eta ireki egin ditugu; argia eskaini digute, baina guk gauarekin amesten genuen, eta iluntasunaren lozorroan, eguzkia ito dugu, gehiago atera ez dadin. Aukerak eskaini dizkigute, askatasuna bailiran, baina aske izaten lanpetuta geunden, eta ez dugu aukeratzeko astirik izan. Agian ez dugu iraganaz behar beste ikasi, eta agian, orainaldia ere ez da gutaz espero zuten modukoa; agian, egin genuena, ez zen beti izan egin behar genuena, baina horrek ez digu ajola; etorkizuna orainaldi denean soilik existituko baita.

Edertasuna ezin uler daiteke, ederra bada. Edo ez litzateke ulertu beharko.

 

Irudia: https://borda.deviantart.com/

00:00
00:00
Empty Playlist