Erasorik ez, erantzunik gabe

Erasorik ez, erantzunik gabe

Azken asteotan emakume batzuek egindako salaketei esker, herri-mugimenduko kide batek eraso sexistak egin dituela jakin dugu.

Gertaeren larritasuna ikusirik, Zumarraga-Urretxuko Gazte Asanblada eta Kkinzona irrati librearen izenean, ondorengo irakurketa egiten dugu:

Lehenik eta behin, erasotuei gure babes osoa helarazi nahi diegu. Eta geroz eta emakume gehiago salatzen ari direla ikusirik, gogorarazten dugu Urola Garaiko Koordinadora Feministak email bat martxan jarri duela erasotuek gertatutakoa salatu edo babesa jaso nahi badute. Emaila: ugkfeminista@gmail.com

Bigarrenik, aho batez eta gogor salatzen ditugu eraso sexista guztiak, edozein delarik ere erasoen egilea eta erasoaren tamaina. Kasu jakin honetan azpimarratu beharra dago erasoak sistematikoak, anitzak eta urte luzetan zehar eginak izan direla. Erasotzaileak herrigintzako talde desberdinetan zeukan botere-posizioa baliatu du emakumeak jazartzeko eta bere inpunitatea bermatzeko.

Gainera, Kkinzona irratiko webgunea erabili du gertakarien bere bertsioa zabaldu eta bere ahotsa erasotuenen gainetik jartzeko. Honek erakusten du erasotzen jarraitzen duela eta ez duela erasotuei eragindako sufrimendua aitortzen.

Amaitzeko, Kkinzonak eta ZUGAk jakinarazi nahi dugu kide hau kanporatua izan dela eta emakumeen erosotasuna eta segurtasuna elkarbizitzarako ezinbestekoa den heinean, ez dugula erasotzailearen inongo parte-hartzerik onartzen, ez aktiboki ezta pasiboki ere. Gogorarazten dugu gure espazioek gune askeak izan behar dutela eta emakumeak gure egituretan parte-hartzera animatzen ditugu.

Beti ere erasotuei lehentasuna emanez, lanean eta adi jarraituko dugu horrelakorik berriro gerta ez dadin.

Erasorik ez, erantzunik gabe!

KKinzona irratia eta Zumarraga-Urretxuko Gazte Asanblada

00:00
00:00
Empty Playlist