Elkarretaratzeak 19:00etan GED-ek deituta

  • OHARRA: Urretxu-Zumarragan 19:00etan Potros enparantzan

Gure Esku Dagoren oharra:

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omniumeko presidenteak espetxeratu egin zituzten atzo, Carmen Lamela epailearen aginduz. Herritarren borondateari era baketsu eta demokratikoan bide emateko lan egiteagatik kartzelara eraman dituzte, baldintzarik gabe.

Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da. Herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino. Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpideak delitu bilakatu nahian dabil. Oso larria da hori. Demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe.

XXI. mendeko kultura politiko berriari atea zabaldu diote katalanek eta erakutsi dute herritarren gehiengoaren borondatea beste mugarik ez duela etorkizun justuago batek. Era baketsu eta zibikoan egin dute, irribarre batekin ahoan. Bi Jordiek lan infinitua aitortzeko, babesa emateko, eta bidegabekeria salatzeko, kalera aterako gara gaur. Ezin gara albora begira geratu.

Egoeraren larritasuna ikusirik, Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu gaur arratsalderako ‘Junts’ lelopean, 19:00etan Euskal Herriko plazetan. Deialdi nazionala Donostian izango da, Bulebarrean. Bertan izango da gure bozeramailea, Angel Oiarbide. Era berean, gainerako eragileei dei egiten diegu deialdia zabaldu eta elkarretaratzeetan parte hartu dezaten.

Jordi eta Jordi. Behin ere ez zaizue gure babesa faltako. Ez gara nekatuko esateaz zuekin gaudela. Estem amb vosaltres. Jaso ezazue besarkada bero bat. Força y coratge! Laster arte!

 

00:00
00:00
Empty Playlist