Abenduko ZineKU: musikalaren defentsan

Urriko Iraultzaren mendeurrenaren inguruko zikloaren ostean, genero konkretu baten bueltan bildu dugu abenduko film sorta: musikala. Ados, inori ez zaizkio musikalak gustatzen… Produkzio handiko musikal kaskarrak ikustera ohituta gaudelako akaso, baina badira generoa bera duintzen duten lan batzuk ere. Honatx abenduko hirurak:

Aurreneko filma, R.E.M. taldeko Michael Stipe buruak ekoitzia, 70. hamarkadako glam rockaren inguruko fikziozko istorio bat da, nahiz eta David Bowie, Iggy Pop eta Lou Reed bezalako izen handien biografia moduko bat izan. Oso bestelakoa da The Rocky Horror Picture Show beldurrezko komedia klasikoa: bikote gazte bati autoa izorratu ondoren, Frank-N-Furter doktore trabestiaren gazteluan hartzen dute ostatu… Ez dakite, ordea, Transilvaniar Topaketa ospatuko dela bertan. Zikloa amaitzeko, Bob Fosse zinema eta antzerki musikalen zuzendari eta koreografo ospetsuaren (Cabaret, Chicago) lan ia autobiografiko bat, koreografo arrakastatsu baten (auto)erretratua: jeinuari eskainitako bizitza bat, eta haren obsesioak, heriotzaren aurrean. Jazza bera film bilakatuta.

Badira beste hamaika musikal bikain, baina hasteko, eta urtea amaitzeko, ez dago gaizki. Ia asteazken gauero (6, 20, 27) 22:00etan gaztetxean. Jatorrizko hizkuntzan eta gaztelaniazko azpitituluekin (The Rocky Horror Picture Show euskarazkoekin).

00:00
00:00
Empty Playlist