Abaigar: mintegia mugarri

Iritsi orduko, atmosfera berezi bat suma zitekeen Abaigarko kaleetan. Lizarragako portuko bihurguneetan barrena gindoazela ere, mintegiak goxo hartuko gintuen sentsazioa generaman askok. Azaro honetako lehenengo larunbat euritsuko arratsaldean, asteburua ondo zukutu izanak sortzen duen satisfakzioa ikus zitekeen ZUGAkideen begietan; ustez urteroko mintegia izango zenak, marka eta nortasun propioa hartu du.

Aterpetxeko giltzak lortu ezinda, leihotik sartu behar izan genuen barrura, mintegiari hasiera «por todo lo alto» emanez. Hainbat arrazoi zirela medio, gaueko tailerrei hasiera ematea ez zen lan erraza izan; izan ere, kosta egin zitzaien ZUGAkideei aterpetxe aurreko pilotalekutik eraikin barrurako jauzia ematea. Pilota aztertzaile eta historialari adituren batzuek esan digutenez, azaroaren 3ko iluntze hartan Abaigarko frontoian bizitako txokatxe haiek esku-pilotaren historian mugarri argiak izan daitezke. Denborak emango edo kenduko die arrazoia.

Behin tailerrei hasiera emanda, denetariko hausnarketak eta hizketagaiak mahaigaineratu ditugu azaroko lehen astebukaera honetan, eta denbora-tarte labur honek ezartzen dizkigun mugez kontziente izanik ere, pisuzko lanketak burutzeko gai izan gara. Era berean, ZUGAkideen arteko sintonia ona azpimarratzekoa izan da egunotan.

Aspaldian ZUGAren berririk iritsi ez zaion norbait larritu samarrik baldin badago, lasai egon dadila, laster iritsiko baitzaizkio. Abaigarreko mintegiak bi gauza argi utzi dizkigu: batetik, esku-pilota profesionaleko edozein jokamoldetan hegemonia iraunkor bat markatzeko gai izan daitezkeen hainbat ZUGAkide daudela; eta bestetik, ZUGAko sukaldean zerbait egosten ari dela. Laster izango duzue gure berri.

Bitartean, segi bizkor.

00:00
00:00
Empty Playlist