Militantea eskiatzera doa [Pako Aristi]

Gaurkoan Pako Aristiren poesia bat errekuperatu nahi nuke. 15 urte inguru da, “Libreta horiko poemak” lanaren barruan argitaratu zela, baina ez du aktualitaterik galdu, eta ni, bederen, identifikatuta sentitzen naiz, tamalez.
“Libreta horiko poemak” irakurtzeko: LIBRETA HORIKO POEMAK

Militantea eskiatzera doa ostiral iluntzean,
arratsaldean presoen aldeko manifan izan ondoren.
Rockeroa furgona berrian doa kontzertua ematera,
eta ordu txikietan sartuko da
amak goizean egin dion ohean.
Gazteak autobusean doaz Donostiako gaurko manifara
eta gauean bapo afaldu eta mozkortuko dira.
Funtzionarioa Chiapasera doa iraultzaren taupaden bila
urte osoan hiritar ernegatuoi
burokrazia tonak irentsarazi ondoren.
Gosearen aurka limosna eman duen kristauak
bi hilabeteko soldata botako du
udako apartamentuagatik.
Futbolariak dira jende xehearen miresmen eta eredu:
diruagatik euren burua
edonora saltzen duten mertzenarioak.
Gure historia aztertu duen ikerlari sutsuak
ez daki bere aurkikuntza jatorrizko hizkuntzan ematen.
Eskuineko parametroen erosotasunean bizi gara
baina herrialde iraultzaileekiko sentibera gaude beti:
aberatsak izanik prest gaude beti
pobreei pobreago izaten laguntzeko.
Gauza garrantzitsuak gazteleraz esanez
babesten dugu euskararen garrantzitxoa.
Hau da Euskal Herria:
burges putaz beteta dagoen
munduko herririk iraultzaileena.

00:00
00:00
Empty Playlist