BIXAMONA FEST! V

BIXAMONA FEST! V

bixamona5proba3
Hemen da BIXAMONA FEST! 5.edizioa. Uztailak 5, igandea, 17:00etatik aitzina, Zumarragako Txozna Gunean.
Musika bizitzeko eta gozatzeko alternatiba gisa sortu zen Bixamona Fest. Baita Txozna mugimenduari beste perspektiba bat eskaini eta bultzada bat emateko asmoz ere.

Hau lortzeko planteamenduak ezberdina behar zuen izan:

“Aurrekontu baxua erabili, gastu ekonomikoa murriztuz. Musika talde minoritarioak, bereziak, intimoak, gertukoak ekartzen saiatu. Hauek lurrean jo dezatela, publikoaren altura berean. Inongo exigentzi teknikorik gabe, soinu ekipoaren potentzia, eszenatokiaren tamaina… Talde guztiei diru kopuru bera ordainduz, bereizketarik egin gabe. Egunez hasi dadila festa, eguzkiaren argi eder eta amaigabea probestuz, ikusleei erlaxatzeko aukera emanez, aulkian edo zoruan esertzeko beta izango zutelarik, edateko bertako produktuak izan ditzaten, kantitateari baino kalitateari eta sustengarritasunari erreparatuz. Eta afaltzeko garaian bertan egindako jaki goxoak eskainiz, itsasoko zein gure larreetako produktuak eskuragarri jarriaz, menu beganoa sekula ahantzi gabe. Eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera emanez ez soilik edanez, baita janez ere.”

Eta urtez-urte lortzen ari gara normalizazio eta egonkortzera iristen. Aurtengoan, Zumarragako festetako edizioan beste behin kartel eder batosatzea lortu dugu. KKinzona Irrati Libreko lantaldeak antolatu du festa urtero lez, Urretxu eta Zumarragako Txozna Batzordekoen lan itzela eta estimatuari esker. (Gauza handia eta baloratu beharrekoa da, festaro Txozna Gune bat eduki ahal izatea, eta herriko kolektibo eta elkarte ezberdinek bertan parte hartzeko aukera izatea.)

KKinzona Irratitik beraz, Txoznetara hurbiltzera animatzen zaitugu, Bixamona Fest-era eta orokorrean Zumarragako festetako Txozna guneko jai alternatibo eta herrikoietara. Egitaraua oparoa eta anitza baita!

Hemen duzue aurtengo Bixamona Fest!eko afixa eta informazioa:


PERU

Usurbilgo bakarlaria, ukelelea eta ahotsa erabiliz kanta eder etasakonak sortzen ditu, 2013-an GazteleKUan izan genuenetik aurrerakada nabarmena jo du, ahotsa zailduz eta kantakera propioa bereganatuz. Berak emango dio hasiera festari.

Peru bakarlariak GazteleKUan MusiKUaldian eskainitako zuzenekoa kkinzona irratiak grabatua:

PUTAN CLUB
Italia/Frantzia, Avant Garde Punk Eletronic bikotea. GazteleKUan ere izan dugu bikote interesgarri hau. 2014an mundu osoan zehar eginiko biran 300 kontzertutik gora eman ostean, berriz datoz bueltan. Kaxa erritmikoa erabiliz doinu indartsuak sortzen dituzte baxu, kitarra eta ahotsa zuzenean sartuz.

Putan Club taldeak GazteleKUan eskainitako zuzenekoa, kkinzona irratiak grabatua:

MAGMADAM
Iruñea eta Dimatik bikote esperimentala. Inprobisazioa dute ardatz. Perkusioa, ahotsa eta hainbat efektu erabiltzen dituzte kantu bereziak eta bakarrak sortzeko, hainbat soinu eta grabaketa zuzenean nahastuz eta manipulatuz. Urretxu eta Zumarragan lehenengo emanaldia izango duten arren, kideetako bat aurretik GazteleKUan izana da Gora Japon taldearekin kontzertu gogoangarria emanez.

ROSVITA
Madrildik hirukote itzela. Baxua, kitarra, teklatuak, bateria, tronpeta, ahots eroak… Hau dena hiru pertsonaiak sortua. Etiketazale frikienak ere etiketatu ezin duen taldea. Indar handiko banda, zuzenekoetara bideratutako sorkuntza da beraiena eta kritika oso onak entzun ditugu han-hemenka, lagun eta musikarien ahotan beti ere.

kkinzona irratian egindako irratsaioa, SALDA BADAGO:

FLAMINGODS
Ingalaterra/Kubait, munduko musikak eta noisea. Perkusio ugariz osatutako boskotea, munduko kultura ugaritatik edan dute azken urteetan eta instrumentu ugari bildu munduko txoko ezberdinetatik. Mestizaiaz beteriko musika katarsikoa, talde hau entzutean Afrika eta ekialde hurbila eta urruna datorzkigu gogora.
Zuzeneko potentea dakarkigute, era tribalean jotako rock kontzertua.

Gogoratu afaltzeko aukera ederra izango dela, PAELLA BEGANOA, TXERRI SAIHESKIA, MORUNOAK ETA SARDINA ERREAK!

00:00
00:00
Empty Playlist