JAIALDI FEMINISTA larunbat honetan gazteleKUn

JAIALDI FEMINISTA larunbat honetan gazteleKUn

Igande honetan, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna izanik, Urola Garaiko Koordinadora Feministak LARUNBATEAN, martxoaren 7an, jaialdi feminista antolatu du GazteleKUn. Honakoa izango da egitaraua:

17:00 – “Feminismoaren oinarria” tailerra
23:00 – Ekitaldia
Ondoren – ZEZENAREN TALDEA kontzertua

Martxoak 7 kartela logoa

Igandean, martxoaren 8an, 12:30etan kontzentra egingo da kalebarren plazan (EMAKUME plazan) “Edertasun kanonei desobedientzia feminista” lemapean. Ondoren bazkaria eta trikipoteoa egingo dira Legazpin (Izena emateko Jabekuntza eskolan, Jai-alai tabernan eta gazteleKUn).

Hemen doakizue Urola Garaiko Koordinadora Feministaren irakurketa:

“EDERTASUN KANONEI

DESOBEDIENTZIA FEMINISTA

Emakumeak gara, ederrak ezinbestean, beraz. Argalak, lirainak, depilatuak, panpoxak, ilehoriak edo ile beltzekoak, moñoñak, azal leunekoak, preziosak, kurbadunak, sabel laua dugunak eta titi handiak, zimurrik gabeak eta ipurdi pinpirindunak, gazteak… Gure neurriak? 90-60-90, noski. Ilea? Lisatua edo kizkurtua, burukoa. Gainerakoan, gorputz soila dugu. Gorputz ederra, gorputz perfektua, jateko modukoa, iragarki eta profileko argazkien tamainara diseinaturiko gorputza, gorputz prefabrikatua.

Gorputza omen gara eta ez besterik. Etengabeko bonbardaketaren jo puntua da gure gorputza, patriarkatuak eta kapitalismoak eskutik helduta daramaten arkuaren gezien ihesean dabilena, edertasun kanonei bizkarra eman nahian. Emakume eredu bat eta bakarra inposatzeko ahaleginetan dabiltza, neurri estandarretatik at kokatzen garen gorputzak patologizatuz eta erasoz. Gorputzok jasaten dugun indarkeria horren adibide ditugu, besteak beste, elikadurari loturiko hainbat gaitz, operazio estetikoetan xahutzen den dirutza, eta batik bat, jendarteak moldeetan sartzen ez garen gorputzekiko proiektatzen duen fobia.

Hori dela eta, garrantzitsua iruditzen zaigu martxoaren 8 hau baliatzea edertasun kanonak salatu eta gorputz aniztasuna aldarrikatzeko. Ez dugulako gure gorputzak “emakumea”ren poster bat izaterik nahi, feminismoaren bidean dugun tresna garrantzitsua eta ezinbesteko aliatua baizik.

Gorputz askeak maite ditugulako, depila ditzagun konplexuak, dietan jar ditzagun segurtasun gabeziak eta ito dezagun patriarkatua metroarekin. Lirainak izango gara edo ez, iletsuak izango gara edo ez, gizenak izango gara edo ez, beltzaranak izango gara edo ez, zimurtsuak izango gara edo ez… Guztiok emakumeak gara, eta hori bai, askeak izango gara bai edo bai. Nahi dugun bezalakoak izango gara eta gure gorputzen inguruan askatasunez erabakiko dugu, adin txikikoak izan edo ez. Emakumeak garelako eta gure gorputza gurea delako. Patriarkatuaren hatzapar zikinak gure gorputzen gainetik kenduko ditugu!

Desobedientzia feminista edertasun kanonen aurrean! Gora gorputz anitzak! Gora gorputz askeak! Abortua libre eta doakoa orain! Gora borroka feminista!

Urola Garaiko Koordinadora Feminista”

00:00
00:00
Empty Playlist