Bihartik aurrera musikualdia, taldez talde:

Bihartik aurrera musikualdia, taldez talde:

musikualdia 2014

Abenduaren 26tik 30eraino luzatuko zaigu aurten MusiKUaldia. Aurten ere, urtean zehar gozatu ezin izaten ditugun bakarlari, talde intimo eta berezi horiei lekua egiten diegu egun hauetan zehar GazteleKUn. Azken urteetan kontzertu guztiak gauez izan badira ere, aurten arratsaldez izango dira gehienak, larunbatekoa izan ezik, gauean izango den bakarra dena.

Dena den, kontzertuez gain, musikari tarte gehiago egingo diogu, kontzertuen ostean Sigur Ros, The Ex, Daniel Johnston, Minutemen eta abarren DVD eta bideo sorta ekainiko baitugu.

Lehen egunean, Isuo Sasiiaren disko berriaren elaborazio lanetan ariko gara goizean goizetik. Serigrafia kontuetan ez da aditu izan behar lagundu ahal izateko! Tori aurreko diskako abesti bat:

Arratsaldean, berriz, musikaz gozatzeko parada izango dugu. Arrainentzako himnoak diska besapean harturik datozkigu Andoni Tolosa, Morau, eta Beñardo. Berezia da oso abestiek egin duten prozesua. Izan ere, Morau Arrainentzako himnoak blogean josten joan da abestien hitzak, ondoren abestia behin eta berriro moldatuz. Abestiak ondu eta ondu, prozesu amaigabea bilakatu da abesti hauen sorkuntza. Folk kutsuko doinuen artean, letra zirtolariak, umoretsuak eta eztenkada ugari osatu ditu.


Abenduaren 27an, 23:00tatik aurrera, Mikel Karton bakarlaria eta Amamantzako guapuek izango ditugu. Donostiako bakarlariak 2014 urte hasieran Protesta ahotsak diska kaleratu zuen, abestien erdiak poeta ezagunen hitzekin osatuak, beste erdiak, bere uztakoak dira. Protesta, herrimina edota euskara dita hitz horien ildo nagusiak. Bere ondotik, kartelean ageri ez arren, Azpeitia aldetik datozkigun Amamantzako guapuek taldeak joko du. Hasiera batean bikotea zena, orain handitu eta taldekiak gehitu omen ditu. Ikusiko dugu zertarako gai diren gazte hauek.

Igandearekin, Manett bizkaitarrak izango ditugu gurean. Klase handiko musikari hauek folk amerikarraren ikutuko doinu goxoak eskainiko dizkigute, beraien bigarren lana den “Caravan” diskaren aurkezpen kontzertu honetan. Musika akustiko eta fina giro epelean kanpoko hotzari aurre egiteko, beraz Sarrera by the face.

 

Abenduaren 29an, Arrutiko Intxaurrak bakarlari zarauztarrak joko du. Kitarra akustikoa lagun, bere abestiak jotzen ditu, 2012an ateratako diskan gordeak direnak. Bertsioak ere egiten ditu zuzeneko emanaldietan. Bere ondoren, arrakasta handiz Ruper Ordorikaren abestiak jotzen dituen Iosu igoko da oholtza gainera. Benetan, plan hoberik ba al duzu astelehen arratsalderako?

Azken egunean, Magmadam izango da taula gainera igoko den bikotea. Soinuarekin experimentazioan adituak diren bi emakume hauek, sentsazio eta texturekin jokatuko dute aurtengo musikualdia itxiko duen emanaldian. Dudarik gabe, hauena da gaur egun Euskal Herrian aurki daitekeen proposamen fresko eta berritzaileenetako bat.

Horren ondoren Jam Session herrikoia izango dugu, partehartzaile eta librea. Free-jazza, folklorea edo crusta, potro eta obarioetan jartzen zaionari taula gainera igo eta musika sortzen hasteko aukera paregabea!

Sarrerarik ez dugu kobratuko, borondatea eskatuko dugu soilik. Eta eskaini, gainontzeko dena.

00:00
00:00
Empty Playlist