Gaztetxearen komunikatua NIK JARRI NUEN kanpainaren harira

Gaztetxearen komunikatua NIK JARRI NUEN kanpainaren harira

Jada badira ia hiru hilabete ertzaintza Gaztetxean sartu zenetik. NIK JARRI NUEN kanpainaren bidez salatu genuen orduan gertatutakoa, baina agian hobe berriz ere gogoratzen badugu behatz erakusle eta fondo hori horren atzean zer zegoen: igande gau batez, ertzaintza Gaztetxera sartu zen, barra atzean topatu zutenari ateratzeko eskatu eta gaztetxe kanpoan eskegita zegoen “Joseba Segurola (Pifo) 10 urte espetxean, gurekin behar zaitugu” lelodun pankarta kentzeko eskatu zioten. Kendu eta jarraian, terrorismoari gorazarre egiteaz akusatu zuten gaztea eta Audientzia Nazionalera joango zela ohartarazi zioten.

Esan bezala, hiru hilabete pasa dira eta berriak etorri zaizkigu Madril aldetik. Zentzugabekeri hau bere horretan utzi ordez,badirudi kasua aurrera eramateko ahaleginak egingo dituztela eta orain gaztetxeko goiko pisuko funzionamenduaren berri ematea eta lokaleko arduradun baten deklarazioa eskatzen dizkigute pankarta goiko pixutik zintzilikatuta zegoenez. Halere, ez dakigu aurrerantzean zein bide hartuko duen kontuak eta judizialki eman beharreko pausoak finkatzen ari garen arren, herri gisa ere erantzun beharra dagoela deritzogu pertsona konkretuen gainetik, proiektu eta ikuspegi oso bati egin diotela eraso uste baitugu.

Honengatik guztiagatik, gaia herrira zabaltzearekin konformatu ez eta erantzun bat emateko ordua dela uste dugu Gaztetxea geure sentitzen dugun guztiok. Ez baitzaigu ez justua ez bidezkoa iruditzen gertatutakoa, elkartasuna delitu kontsideratzeaz gain, geure etxea bera ere arriskuan ikusten baitugu.

Jakina da Gaztetxea kolektibo eta sentsibilitate desberdinen topaleku dela, dagoenarekin konformatu ez eta alternatiba bat geure kabuz eraikitzeko asmotan bildutako jende anitzez osatutakoa. Horrexegatik, aho batez oihu egin eta Gaztetxearen aldarria denona egitea eskatzen dizuegu, asko baikara proiektu honetan sinesten dugunak eta eraso hau justifikagaitza eta onartezina deritzogunak.

Horretarako, ondorengo asteetan ekimen desberdinak abiatuko ditugu gertatutakoa salatzeko (ate irekietako eguna, prentsaurrekoa…) eta beraietan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei, desadostasuna eta haserrea adierazteko ordua baita. Ikus dezaten herriak horrelako erasorik ez duela onartzen ezta onartuko ere. Horretarako, finkatzeko ditugun ekimen horiez gain, manifestazio handi eta anitz bat egiteko asmoa daukagu Abenduaren 21erako, zehaztasun gehiagoz zabalduko duguna hurrengo egunetan.

Urretxu-Zumarragako Gaztetxea

logo nik

00:00
00:00
Empty Playlist