Kolonbiako gatazka. Kronikak: 3. eguna.

Kolonbiako gatazka. Kronikak: 3. eguna.

Marinaledan bizitakoaren azken kronika dugu honakoa:

3. kronika

Goizez bero handiagoaren bila Kordobara joan ginen eta turismeo planean hango Alde Zaharra eta mezkita ikusi genituen. Beste behin bazkaritan sekulako betekada hartuta, arratsaldean Marinaledara itzuli ginen, behin igerilekuan bainu bat hartu ostean, hitzaldiei ekiteko asmoz. Marinaledako udaletxeko areto batean bildu ginen eta giro kritiko eta jatorrean hitz egin zuten Ernai gazte-antolakundeko kideek, LAB sindikatuko kide batek, Urretxu-Zumarragako gaztetxeko eta Kkinzona irrati libreko partaide diren zenbait lagunek eta, azkenik, Marcos eta Elsida kolonbiarrek, sei hilabeterako beraien herrialdetik errefuxiatu direnek. Hitzaldietan azken hau denez ezezagunen zaiguna, Kolonbiako egoerari buruz mintzatuko gara datozen lerroetan.

Lehenik, hurrengo lerroak errealitatearen begiekin irakurtzeko, azpimarratu beharra dago Kolonbiako gobernua oso oso biolentoa dela eta ikuspegi horretatik ulertu behar da Kolonbiako borrokaren zailtasun maila. Elsida eta Marcosek, esaterako, begi horiekin ikusi dute aurreko kroniketan aipatutako Marinaleda herria eta Somonteko etxaldea. Harriduraz entzuten zieten, adibidez, Somonteko okupazioaz zihardutenei eta isilka zioten, haiek halako egitasmoren bat aurrera eramateko erabakia hartuko balute, hiltzeko prest egon beharko luketela: “Aquí la policía os multa, os tortura y os mete a la cárcel. Allá nos asesina y hacen sufrir a nuestras familias, con torturas, violaciones y muertes”. Behin tonua hartuta, Kolonbiako egoera aztertzen ahaleginduko gara:

KOLONBIAKO GATAZKA

Gobernua

Hizlariek oztopo edo etsai nagusitzat daukate Kolonbiako gobernua, Santos presidentearen esanetara ari dena. Honen aurretik, zortzi urtez iraun zuen Uribe presidentearen gobernuak oso garai odoltsuak ahalbidetu zituen. Hargatik, Santosen gobernua irudi hori suabetzen saiatzen da, nahiz eta funtsean bide beretik doan hau ere.

Biek ala biek bozetan lortu zuten boterea, honek ematen duen onarpen mailarekin. Kontua da bozak ustelak direla oso, botoak diruz erosten baitira edo mehatxu zein erailketak erabilita baldintzatzen. Kapitalismoa muturrera eramanez, gobernuak herria pobrezian mantentzen du, zati handi bat muturreko pobrezian, eta honela bermatzen du beti egongo direla oinarrizko premiak aseta ez dauzkaten herritarrak, beren botoa saltzeko prest egongo direnak. Era berean, hezkuntza-sisteman egindako inbertsio ezak herritarren kontzientzia soziala eta iraultzeko nahia sortzea zailtzen du.

Testuinguru honetan, ez liteke gobernuaren aurka egon, honek eliminatu egiten baitu kontra egiten dion oro, horretarako errepresioa erabiliz.

Errepresioa

Bi bide errepresibo darabiltza gobernuak herria kontrolpean izateko. Batetik, militarrak daude, gobernuaren armadatzat jo daitekeena. Hauek izua hedatzen dute biolentziaren bidez: torturak, bortxaketak, atxiloketak, hilketak, korrupzioa… Gobernuaren izenean eta honen alde, delituren bat egozten zaien errudunez gain, gobernuaren baimena dute susmagarriak eliminatzeko ere.

Bestetik, paramilitarrak herritar armatuak dira. Gobernuak armak ematen dizkie eta gobernuaren aurkako mugimendu edo jarrerak eliminatzeaz arduratzen dira diruaren truke. Honek dakar armek ematen dieten boterea modu ez diskriminatuan erabiltzea, beraien erabakia izateraino nor hil eta nor ez. Gobernuak ezarritako kontrol hau gainera, ez zaio gobernuari egozten eta erabat zuritzen du bere burua. Izan ere, paramilitarrek sekulako sarraskiak egiten dituzte eta gerrillek eginikotzat jotzen dira komunikabideetan, herrialdeko komunikabide guztiak baitaude gobernuaren gidaritzapean, beraz, beraiek erabakitzen dute zein bertsio eman.

Errepresio honen bidez, gobernuak traban dituen herritarrak eliminatzea lortzen du, baita gobernuaren aurkako mugimenduak itzaltzea ere, biolentziaz sortutako beldurragatik atzera egiten dutenak. Hori gutxi balitz, gerrillaren kontrako iritzi publikoa sortzea erdiesten du: komunikabideek diote FARC dela eraildako nekazarien hiltzaile eta gobernuak eskuak garbitzen ditu.

Errepresioaz hitz egiten ari garen honetan, bestalde, garrantzitsua da emakumeak daukan lekua zein den pentsatzen jartzea, ezen gatazka laztu egiten baita emakumearen larruan. Kontuan izan behar da gizarte kolonbiarra, salbuespen izan gabe, sexista dela oso eta gobernuaren biolentzia areagotu egiten dela emakumeei jazartzen zaienean, biktimen gain erasotzaileak daukan botereen arteko aldea biderkatu egiten baita militar edo paramilitarra gizona izan eta herritarra emakumea denean. Hala, 500.000 dira bortxaketa jasan duten emakumeak eta etengabea da bortxaketaren mamua emakume ekintzaileengan, baita euren alaba eta senitarteko emeengan ere. Horrez gain, gobernuaren aurkako borrokan gizartearen egitura sexistak asko baldintzatzen du emakumeek ekintzaile izaterakoan jasotzen duten tratua eta bide horretan topatzen dituzten zailtasunak.

Erantzuna errepresioari

Gobernuaren errepresio honi aurre egiteko, ordea, bada sortu den mugimendurik. FARC (Fuerzas Armadas Revolucionarias de Colombia) gerrillako kideak armak hartuta Kolonbiako mendiko eta oihaneko eremuetan mugitzen dira, lurrotan indar dezente izateraino. Hauek militar eta paramilitarren aurka jotzen dute eta, honez gain, herritarrei armak emateko prest agertzen dira, gobernuaren biolentziatik armekin defenda daitezen. Komunikabideek, ordea, paramilitarrek eraildako herritar askoren heriotzak egozten dizkiete, falso positivo deritzenak, hau da, inon dokumentatu gabe geratzen diren hilketak, ezer gertatu ez balitz bezala.

Bestalde, Marcha Patriótica izeneko mugimenduak, Unión Patriótica izeneko alderdi politikotik eratorria denak, politikoki lan egiten du, armarik hartzeke. Gobernuaren politika injustuaren aurka diharduen taldea da, hargatik errepresio oso latza jasaten duena, militar eta, batez ere, paramilitarren eskutik. Hala, asko dira paramilitarrek hildako kideak, baita mehatxupean egonik herrialdeko beste guneren batera edo herrialdetik kanpo ihes egin behar izan dutenak ere.

Negoziazioak

Komunikabideek gogorarazten digutenez, egun gobernua eta FARC Habanan elkartzen dira Kolonbiako gatazkaren inguruko negoziazioei heldu eta akordioren batera iristeko. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina zenbait kolonbiarren ustetan, elkarrizketotan akordioren bat lortu ezean, ezer gutxik salbatuko du Kolonbia gerra zibil batetik.

00:00
00:00
Empty Playlist