Somonteko etxalde okupatua. Kronikak: 2. eguna

Somonteko etxalde okupatua. Kronikak: 2. eguna

Behin deskantsatuago geundela, bigarren egunari ekin genion ilusio handiz. Somonte izeneko etxalde okupatura joan ginen goizean eta, bazkarian betekada itzela hartu ondoren, Marinaledako igerilekuetan bainatu ginen. Azkenik, cruzcampo zaporedun txisteek hil zuten gaua.

Eguneko gaia: Somonteko etxalde okupatua

 

CIMG0638

2012ko martxoaren 4an Palma del Río (Cordoba) herriaren lurretan dagoen Somonte etxaldea eta haren inguruko 400 hektarea okupatu zituzten sat (sindicato andaluz de trabajadores)-eko zenbait kidek.

Landa eremuko errealitatearen harira, Andaluziako lursail gehienak lurjabe handien jabetzan daude eta komunitateko laborantza-politikak egoerak hala jarraitzea ahalbidetzen du jauntxook lur kopuruen arabera jasotzen baitituzte diru-laguntzak, dirua ereindako lursail kopuruaren araberakoa izan beharrean. Ondorioz, lurjabe boteretsuok ez dute lurra lantzeko premiarik sentitzen beren ondasuna areagotzekotan, beraz, nekazal eremuan ez da lanpostu askorik sortzen eta, era berean, erein gabeko lurraren emankortasuna alferrik galtzen da. Hala, herritar askok elikadura bera ere bermatuta ez duen garaiotan kontraesan itxurako egoera bizi du Andaluziak: landuz gero herriari jaten eman diezaioketen lursailak erein gabe daude, lurjabe zapaltzaileen mesedetan.

Hori gutxi balitz, Andaluziako gobernuak lur publikoak enkantean jartzen ditu eta beraien prezioa bitan jaitsi ondoren oraindik ere inork erosi ez baditu, lurjabe handiei esleitzen dizkiete lurrok, aipatu bezala, honek dauzkan hektarea kopuruaren arabera eta ez ereinda dauzkan hektarea kopuruaren arabera. Ondorioz, asko daukanak gehiago dauka aldiro eta gutxi daukanak gutxiago.

 

CIMG0634

 

 

Egoera hau irauli nahian eta aurreko kronikan aipatutako Humoso eredu hartuta, 2012ko martxoaren 4an Somonteko etxaldea okupatu zuten 600 pertsonaren artean. Datak bere garrantzia dauka okupazioaren hurrengo egunean baitziren lurrok enkantean hirugarrengoz eta azkenekoz jartzekoak, lurjabe boteretsu bati esleitu aurretik. Beraz, balio praktikoaz gain, borrokaren sinbolo gisa ere jardun zuen okupazio ekintza hark, zeinak lurraren jabetzak lurra erein eta lantzen duenarena izan behar duela aldarrikatzen duen: la tierra para quien la trabaja.

Okupatuta urte bete egin duenean, hamar lagun bizi dira Somonten modu iraunkorrean. Beraiez gain, dena den, proiektua babestu zein ezagutu asmoz jasotzen dituzten bisita internazionaletako lagunek ere laguntzen dute lurraren lanketan. Egia da okupatutako lursailaren zati bat baino ez daukatela ereinda oraingoz, baina aski dute horrekin beraien elikadura bermatzeko, baita astero banatzen dituzten saskiak betetzeko ere. Kontua da gure herriotan egiten den ekimenaren antzekoa bideratzen dutela, hau da, saskiaren eskaera egin eta bere truke ordaintzen duen jendeari astero saski bana banatzen diete, garaian garaiko produktuz betea. Hala ere, saskien eskaria baino altuagoa denez Somonteren produkzioa, Sevillako elikagaien bankuari ematen dizkiete gainerako produktuak. Banku hau (Banco de alimentos Sevilla) etxegabetzeen plataformatik sortutakoa da eta elikadura premia asetzen laguntzen die oso larri dabiltzan familiei.

 

CIMG0643

Somonteko kideak banatzen dituzten saskiak osatzen.

 

CIMG0650

Ez gara bakarrak. Somontera bisitan etorritakoen babes-mezuak daude hormirudietan.

 

Somonteko lurretan produzitzen denari dagokionez, beharrezkoa da aipatzea Somonteko produktu oro ekologikoa dela eta, horri zor zaionez, inolako pestizida eta ongarririk erabili gabe sortua. Kontuan izan behar dugu, era berean, okupazio egoeran daudenez, legalitatetik at funtzionatzen dutela eta honek dakarrela bertako produktuen salmenta formalizatu eta hedatu ezina. Bestalde, ereiten dituzten haziak proiektuari lagundu asmo duten zenbait nekazarik emandakoak dira eta honek ahalbidetzen du ereintza oso anitza izatea, mota ezberdineko produktu pila lortzea, alegia. Hau da akaso Humosorekin daukan aldea, azken honetan zenbait produktu jakin baino ez baitira ereiten.

Etxaldean, bestalde, Guardia Zibilaren jarraipena etengabea da, hauek egunean bitan agertzen baitzaizkie bertara, goizez eta gauez. Honekin loturan, iazko apirilean etxaldea desalojatzea lortu zuen poliziak, non 200 polizia agertu ziren 20 pertsona etxaldetik botatzeko. Hala ere, Somonteko kideek hurrengo gaunean hartu zuten berriz, gaur arte. Ondorio gisa, isun eta denuntzia ugari pilatu zaizkie dagoeneko, baita kideren bati kartzela eskariren bat ere. Dena den, argi daukate bere bidean jarraituko dutela, oztopoak edozein izanik ere.

Etorkizunari begira, ureztatze-sistema ezarri nahi dute, horretarako putzu txiki bat eraikiz. Bigarren helburu moduan, aldiz, legalizatzioa dute. Gertatzen dena da badela legearen atal bat non lur publikoak udaletxeei eslei dakizkiekeela dioen eta Somontekoek eskaria egin dute lege horri gehi dakion kooperatibek ere lur horiek hartu ahal izatea, hala, Somonte Tierra Libre kooperatribak legalitatearen arazoa konponduko luke eta, batetik, Somonteko produktuak modu irekiagoan saldu ahal izango lirateke eta, bestetik, langileak kontratatu ahal izango lituzkete, honek lekarkeen produkzio igoerarekin. Langileen kontratazioak, gainera, proiektua handitzen lagunduko luke, klase borrokan sakon sinesten duten egungo hamar lagunez harago, jornalaritzan lan egin nahi duten herritarrak ere hurbilduko liratekeelako Somontera, era gradualean proiektua indartuz eta borroka gisa honek daukan entzutea neurrigabe zabalduz. Oraingoz, dena den, gobernuak isiltasunean jarraitzen du eta ez du lege horren aldaerari buruz erantzunik eman.

Beraz, Somonteko kideak jakitun dira legalitateak eboluzioa ekarriko lukeela eta komeni zaiela, baina, era berean, argi dute legalitate ezak ez diela beren borroka gelditzeko arrazoirik ematen, hau da, balditzak hobetuko ez balira ere, egungo funtzionamenduarekin segitzeko asmoa dute.

Gure animo eta babes guztia Somonteri! Aupa zuek!

CIMG0659

Euskal Herriko eta Kolonbiako tripulazioa.

00:00
00:00
Empty Playlist