Marinaledako esperientzia. Kronikak: 1.eguna

Marinaledako esperientzia. Kronikak: 1.eguna

Gaueko 11tan, Urretxu-Zumarragako Gaztetxean bildu ginen 14 gazte eta beti gaztez osaturiko etxerako moduko kuadrila. 3 kotxetan banatu eta Marinaledara bidaiari ekiteko prest geunden.  Ura eta freskagarriak hozkailuetan sartu eta Andaluziara bidean, bagoaz!

Ezbehar mekaniko batzuk atzean utzi ostean -baita gutariko lau ere kotxe berriaren zain-, helmugara iritsi ginen, ez baina bidean preso dauzkaten euskaldun ugariren gartzelak ikusteari utzi gabe, Valdemoro, Aranjuez, Ocaña… 12 ordutan penintsula zeharkatu eta kafe litrokaden ondoren, azkenean, bai, Marinaledara iritsi ginen goizaldeko 11:00k buelta horretan.
Herrira iritsi bezain laster, Marinaledako egunetan gure bidelagun izango zen Sanchok udaletxea erakutsi zigun, baita herriko alkate Gordilloren bulegoa ere. Oparitxo eta guzti ere etorri zitzaizkigun herriko pin, giltzatako eta hurrengo egunak freskatuko zizkigun piszinako bonua ere emanez denoi. Ezin esan harrera beroa izan ez zenik. Herriko polikiroldegian ostatua eman ziguten ondoren, baita komunak eta dutxak ere non zeuden ondo seinalatuz -harrapatu ez genuen indirektaren bat akaso?-.

1149034_141073862769042_202788155_n (1)


El Humosoko borrokak:
Lehenengo kontaktuaren ondotik, herriko nekazarien borrokaren adibide nagusiena izan denera eraman gintuzten 44º pean eguerdiko ordubiak aldera, El Humoso izeneko kortijo edo lur sail handira, bertan dute kooperatiba. 1980.urtean, Europako bigarren errenta baxuena zuen herria zen Marinaleda; herritar gehienak emigratzera beharturik zeuden; eta hau gutxi balitz, Andaluziako lurren jabegoa bizpahiru jauntxoren eskuetan zegoen -oraindik orain hala da-. Jauntxo hauek lehorreko landaketak lehenesten zituzten -garia gehienbat-, zeinak giza baliabide oso urriarekin etekin nahikoa ateratzen zuten. Cocktail kapitalista honekin, Marinaledako herritar ugari Andaluziako gobernariei lurrak ureztatzeko sistema martxan jar zezaten eskatzen hasi ziren, horretarako Cordobillako urtegia okupatzen presioa eginez. Ureztatze sistema horiek beste inora eraman ez zitzaten, Ecija eta Marinaleda artean dagoen El Humoso lur saila okupatzen hasi ziren. Duintasunez lana egitea besterik ez zuten eskatzen, euren esfortzuarekin aurrera aterako zituzten lurrak jorratu nahi zituzten. 12 urteko borroka luze eta gogorrean -Guardia Zibilaren eguneroko kanporatzeak eta atxiloketak, okupatzera zijozen lurretara bidean itzala ematen zuten zuhaitz bakanak ere moztuz-, emakumeek pisu erabakiorra izan zuten. Herriko 90 emakume Sevillara joaten ziren Andaluziako Batzarren aurrean akanpatzera eta aldi berean herritar ugari El Humosoko lurrak okupatzen zituzten, presio bikoitza eginez. Esan bezala, 12 urteren ondoren Andaluziako arduradun politikoek lurren jabetza Marinaledako nekazariei ematea erabaki zuten.

El Humosoren gaur eguneko egoera:
Mugarri honekin, nekazariak olibondoak landatzen hasi eta honen inguruko industria osatzen hasi ziren, kooperatiba batean bilduta. Ezin esan garai errazak izan zirenik hauek ere, makineria eta kapitalik gabe, nekazariek euren ordu extrak sartu behar izan baitzituzten lantegia osatzeko. Gaur egun, lantegi honetan 50 langile finko daude oliba olio produkzioan, eta urtaroka langile gehiago edo gutxiago hartzen dituzte fruituen bilketarako. Honez gain, El Humoson landatzen diren alkatxofa, babahandi… kontserba lantegi batera bideratzen dituzte, zeinetan Marinaleda erdigunean dagoen eta gehienbat emakumeek lan egiten duten bertan.

CIMG0578

Kooperatibaren oliba olio salmentek beherakada izan dute azkenaldian, langile gutxiago kontratatuz. Halere, Marinaledan langabezian dauden herritarren artean beharren araberako aukeraketa bat egiten dute, lanik egonez gero beharra ahalik eta ondoen banatu ahal izateko. Etxe batean, 4 langabetu badaude, hari emango zaio lehendabizi lana eta ondoren lana beste batzuei banatzen joaten dira.

Salmenten beherakadari buelta emateko modu bakarra beste herrialde batzuekin elkarlanean -Venezuela aipatu ziguten- martxan jarri dituzten programei hauspoa ematea da bertako langileen ustetan. Izan ere, olioaren industria erabat kontrolpean dute lau enpresa handik Espainian, eta irteerarik gabeko joko maltzur horretatik ateratzeko modu bakarra elkarlanean beste herrialde batzuekin tratu justuak egitea dela aipatu ziguten.

CIMG0568

Herriaren kudeaketa:

Olibondo arteko beroari agur esan eta bazkalostean herriaren nondik norakoak azaldu dizkigu gure lagun Sanchok. Kolonbiatik errefuxiatutako kide batzuk ere alboan genituen, Marcos eta Elsida, beren herrian Kolonbiar gobernuaren indar paramilitarrek mehatxatuta dituztenak.

Herriko gazteak ekipamendu publikoak erakusten dizkigu harro, harro egotekoa baita 2500 biztanleko herriak haurtzaindegi, eskola, institutu, zaharren egoitza, futbol zelaiak -belar naturalekoa eta artifizialekoa-, piszina, polikiroldegi, parke natural, kulturetxe -herriko telebista eta irratia daude hemen-, udaletxe eta etxebizitza sozial berri guzti hauek izatea. Izan ere, azken hamarkadan Marinaledaren herri nukleoa eta Matarredonda auzunea lotzea lortu da ekipamendu guzti horiek bi inguruneren erdibidean kokatzen.

Krisia krisi Marinaledan etxebizitza sozialak eraikitzen ari dira eta hala segiko dutela diote, herritarren beharrak hor dirauelako oraino. Bizitoki hauen kudeaketa da, ordea, edozein harritzen duena. Etxeon jabetza bizi guztirako esleitzen zaio pertsona edo familia bati, hilero 15€ ordainduko dituelarik bere bizi guztian zehar. Jakina, etxe horrekin ezingo du espekulatu, ez saldu ezta alokatu ere. Udalak etxea eraikitzeko behar den lur saila eta igeltseroak jartzen ditu eta onuradunak obran bertan parte har dezake. Materialak, berriz, Andaluziako Batzarrek interesik gabeko kreditu baten bidez ordaintzen dira, lehen aipaturiko 15€ horiekin.

Etxebizitzak bezala, eskolako jantokia -2€ hilean-, haur-eskola jantokia barne -15€ hilean- edota igerilekuak -50 sarrerako bonua 3€- ere oso prezio ekonomikoak dituztela azaldu zigun Sanchok.

Marinaleda bezalako herri borrokalari batean gaztetxe moduko batek funtzionatuko ahal lukeen galdetuta, ordea, begirada makurra adierazi zigun gure lagun andaluziarrak. Gazte gutxi omen daude bertako kultura, politika eta gai sozialetan interesatuta, nahiz eta onartzen duen inguruko herrietan baina egoera hobea dutela Marinaledan. Orain arteko borrokekin lortutako garaipenak, gauza arrunt bezala hartzen omen dituzte bertako gazteek eta aurreko belaunaldien borroka sena galtzen ari omen da.

Lehen egunean iada, bidaia guztian zehar behin eta berriz errepikatuko ziren pare bat hitz sarri entzun genituen: duintasuna eta borroka.

00:00
00:00
Empty Playlist