Urretxu Zumarragako Langileria

Urretxu Zumarragako Langileria

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
2013ko maiatzaren 23a

Atzo hainbat herritarrek Zumarragako BBVA banketxea ordubetez hartu genuen, ekintza zaratatsu baten bidez, bizi dugun egoera salatzeko.

Badira urte batzuk, krisiaren aitzakipean eta sistema kapitalista aurrera eramateko asmoarekin, boteretsuen indarra areagotuz langileriaren eskubideak urratzen ari direla, herritar asko egoera larrian utziz.

Herri mailako datuak aztertuz, honakoa ikusi dezakegu: bost urtetan langabetuen kopurua 600 izatetik ia hirukoitza izatera pasatu da, 25 urtetik beherako langabetuak, gaur egun, 200etik gora direlarik. Horrez gain, hainbat eta hainbat enpresa txiki itxi dira, beste askotan kaleratze ugari egon direlarik. Orbegozok baita ere, herriko enpresa handiena denak, %12ko soldata murrizketa aurrera eraman du, 48 lan ordu gehitzearekin batera. Pribatizazioaren eta lan baldintzen okertzearen adibide garbi bezala, Zumarragako Zaharren Egoitzako kasua dugu: urteko lan orduei 200 ordu gehitzea, soldatan 400€-ko murrizketa eta bertako langileriaren %25a kaleratu nahi dute.

Zapalkuntza honi aurre egiteko, herri mailan, maiatzaren lehena langileriaren eguna zela eta, Ernai-k eta Gazte Komunistak-ek asanblada ireki bat sortzeko beharra ikusi zuten. Bertan sortu zen UZL, Urretxu Zumarragako Langileriaren asanblada, adin eta pentsakera ezberdinetako jendea bildu zelarik. Bertako kide guztiek ideia berdina zuten buruan; krisia sistemikoa dela, ez soilik ekonomikoa, zapaltzaileek ikustarazi nahi diguten bezala, eta sistema honi alternatiba bat bilatu behar zaiola. Asanblada hau sortzearen helburuetako bat, haserrea indibidualki bideratu ordez kolektiboki aurrera eramatea litzateke, sentsibilitate ezberdinetako jendea biltzeko asmoz.

Guzti honegatik, eta zuk eduki ditzakezun arrazoi ezberdinengatik, Urretxu Zumarragako Langileriaren izenean, deialdia zabaltzen dugu maiatzaren 30ean arratsaldeko 16:00etan egingo den herri asanbladan ahalik eta jende gehien elkartu gaitezen.

Egoera larria da eta erantzunak tamainakoa izan behar du. Beraz animatu zaitez, herri mailako erasoei erantzun duin eta bateratu bat ematera!

HERRI BORROKAZ KAPITALISMOA SUNTSITU!

Urretxu Zumarragako Langileria

00:00
00:00
Empty Playlist