“Ni ere han izan nintzen!” ekimena aurkeztu dute Zumaian

“Ni ere han izan nintzen!” ekimena aurkeztu dute Zumaian

2008ko udan Zumaiako Erkibe eraikina okupatzeagatik, 80.000€ko isuna eskatzen du akusazioak egun hartan eraikinean zeuden 10 gazteren aurka. Horren harira, Zumaiako gazteek martxan jarri dute “Ni ere han izan nintzen!” ekimena. Hemen euren galernasarean.info web orrian igorritako oharra:

“Ni ere han izan nintzen!” ekimena aurkeztu dute Zumaiako hainbat herritarrek. San Telmoak bitarte iraungo duen ekimenak, Gaztetxe zaharrean identifikatuak izan ziren hamar gazteei babesa eta elkartasuna adieraztea du helburu. Akusazioak 80.000 euroko zigor-eskaera egin du gazte horien aurka.

Ekimenaren baitan, 2008ko uztailaren 7an Erkibe etxean identifikatutako gazteei babesa emateko, auto-inkulpazio bilketa jarri da abian. Horrela, “ni ere han nintzen” adirazteko prest dagoen herritar orok astebururo Erribera kalean jarriko den mahaian sinatzeko aukera izango du. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, “hamar identifikatu zituzten, baina beste edozein egunetan ehunka izan gintezkeen. Ehunka gazte izan ginen bertan, eta ez dugu onartuko momentu jakin batean identifikatu zituzten hamar gazte hauek bakarrik sentitzea. Haiekin gaude, gu ere han izan ginelako, eta, beraz, gu ere epaituak garelako”. Auto-inkulpazioez gain, diru-laguntza ere jasoko dute, zigorrak suposatu dezakeen kostuari aurre egiteko.

2008ko uztailean ehundik gora gazte izan ziren Erkibe etxea okupatu zutenak, gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko. Lau egunetara, Ertzaintza eraikinean sartu eta bertan zeuden hainbat gazte identifikatu zituzten. Zelaia familia da eraikinaren jabea, eta bi salaketa jarri zituzten: okupazioagatik eta sortutako kalteengatik. Hiru urte eta erdi igaro dira ordutik, eta orain epaiketa gainean dute hamar gazteek. 80.000 euroko isuna eskatzen du akusazioak gazteen aurka.

Adierazi dutenez, “herri osoak daki Erkibe etxea hutsik eta erdi erorita egon dela azken urteetan. Baita bere lorategiak izan duen itxura eskasa eta zikintasuna nolakoak diren ere. Eta gaztetxea bertan izan zen denboran, egitekotan etxea eta bere inguruak txukundu egin ziren, inolaz ere ez kaltetu”. Horrela, bada, “astakeriatzat” jo dute 80.000 euroko isun-eskaera.”

Urrexu eta Zumarragako gazteok ere geure elkartasunik beroena eman nahi diegu gazte hauei, leku aske eta autogestionatuak okupatzen segitzen duten gazte guztiei bezelaxe!

00:00
00:00
Empty Playlist