Abuztuak 30 asteartearekin, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak deituta, Jaurlaritzaren porlan-politika salatzeko asmoz protesta-ibiladia eta parodia egingo dira Donostian, egun hortan Patxi Lopezen exekutiboa Miramar Jauregian urteko lehen gobernu kontseilua egiteko bilduko dela-eta. Eguerdiko 12etan Boulevard-eko kioskotik abiatuko den ekimen honetan, manifestari guztiak kolore grisez mozorrotuko gara Jaurlaritzaren porlan-politika txikitzailea parodiatzeko –mozorro grisak atontzeko hitzordua goizeko 11etatik aurrera izango kioskoan–; eta gure salaketa Kontxako pasealekuan barrena herritarrei zabaldu ostean, eguerdiko 13’30etan Miracontxatik gora bidea hartu eta Miramarrera eramango dugu protesta, AHTren eta azpiegitura-lan handien errefusa Patxi Lopezen gobernu-taldeari zuzenean adierazteko. Hori dela eta, “Zuen porlanean itoko zarete! Obra txikitzaileak gelditu! AHTren obrak gelditu!” lelopean egingo den protesta-ibiladian eta parodian partehartzeko dei egiten dugu.
Ekimen honek Jaurlaritzaren porlan-politika salatzea du helburu, porlanarekiko etengabeko obsesioa agertu eta AHT bezalako azpiegitura-lan handiei “lehentasun osoa” ematen dielako, obra txikitzaileak egitea bere agintaldiaren nortasun-ikur bihurtuz. Hala, jendarteak bizi duen egoera sozial eta ekonomiko larriari eta hainbat gizarte-premiaren asetzeari nahiz ingurumenarenri eragin zaizkion kalteen konponketari bizkar ematen dien artean, “euskal Y-aren obretan 1.200 milioi eurotik gorako gastua duten kontratuak” esleitu ditu bere agintaldiko lehen urtebete ta erdian, eta lehendakariak dioskunez, “AHTren obretan gastu handienak hurrengo urteetan izango dira, 2013 eta 2014ean seguraski”, Gipuzkoa osoa bide batez AHTren obren Museo handi batean bihurtzeko mehatxu eginez.
Oharra irakurtzen segi dezakezue Topatu webgunean:
http://topatu.info/blog/2011/08/23/ahtren-aurkako-protesta-eta-parodia-abuztuaren-30ean